Politika, sexua, filosofia, irakaskuntza, literatura, bere familia, erlijioa, futbola, psikoanalisia… edozer gai jo dezake Markos Zapiainen begirada aztiak eta esku jolastiak. Bere marka, baina, ikuspegian dago, aldi berean umoretsua eta zorrotza, ezusteko perspektiba batetik abiatu eta ekarpen originalak egiten dituena, goiak eta beheak uneoro nahastuz: bere ikasleen pasadizo bat erabil dezake auzi antropologiko bat argitzeko, edo teologia zerutiarrean hasita komuneko eskatologian amaitu.
Azkeneko zortzi urteetan idatzitako saiakera laburren bilduma hau XXI. mendearen hasierako kronika atipikotzat ere har liteke, zuzentasun politikotik urruti baina gizarteko bidegabekeriak salatzeko gertu. Idazkera beti malgu, esanguratsu, aldi berean jantzi eta popular batez, entretenimendu nahiz gogoetaren bila doazenak esne-mamitan edukiko ditu, eta irakurri berri dutena zer den zalantzarekin utziko: sakon, oso sakon pentsatzen duen umoregilea, ala alai, oso alai ari den pentsalaria.
MARKOS ZAPIAIN AGIRRE
Markos Zapiain Irunen jaio zen 1963an. Bermeoko Talan bizi da gaur egun, eta bertako Institutuan ematen ditu eskolak. Filosofian doktorea da eta Filologian lizentziatua. Euskal komunikabide idatzizko nahiz ikus-entzunezko ugaritan ohiko kolaboratzailea. Filosofiaren eta literaturaren ikerketa landu izan du bere saiakeretan, alor horiek beste askorekin harremanduz betiere. Orain arteko liburuak: Errua eta maitasuna (Elkar, 2002), Zenbait terrorista (Txalaparta, 2003), Ia guztiaren funtsaz (Jakin, 2006), Txillardegi eta ziminoa (Susa, 2007).