Maria agertu zen atean. Hiru minutu behar izan zituen Lucasek arreba ezagutu ahal izateko. Jolasean hasi zen Maria:
–Hemen espedizio-burua kanpamentu nagusikoei, erantzun –esan zuen Mariak eskua ahora eramanda, irrati-aparailua simulaturik.
–Hemen kanpamentu nagusia, esan –erantzun zion Lucasek irribarre gaixoz, arreba ezagutu zuela adieraziz.
–Shisha Pangmako tontorra hur ikusten ari gara hemendik, gutxi barru han gara. Nola dago atzo enfermerian utzitako espedizio-kidea?
–Hobeto, baina ez tangotan hasteko moduan.
Mariak, eskua aho paretik kenduz, irribarrea erakutsi zion nebari. Erraldoia. Hurbildu eta kalean jolasten zebiltzan umeek ere entzun ahal izan zuten musua eman zion. Masaila gorrituta izan zuen Lucasek bi orduz.
–Gaur ez da… –xuxurlatu zion Lucasek gortzen hasia zen arrebari.
–Zer? –Mariak.
–… Rosa etorriko?
–Ez dut uste, Lucas, bihar, etzi, beharbada.
–A.
Rosa, Lucasen emaztea; hamazazpi urte lehenago hila. Horixe pentsatu zuen Mariak: “Hamazazpi urte dagoeneko, Rosa”. Lucas itxaroten zekiena zen, ordea, norbait bazen. Ospitaleko hormek berde jarraitzen zutela konturatu zen Lucas.
–Gozo egon da bazkaria? –aldatu zuen Mariak.
–Kabiarra ekarri didate gaur –erantzun zion Lucasek serio.
Anasek zerbait esan zuen ametsetan.
–Noiz kenduko didate sueroa, Maria?
–Sueroa! Herenegun kendu zizuten sueroa.
–A… Ez duzu tranbia entzun? Nola etorri zara honaino, Maria?
–Autobusez.
Une batez isildu eta begietara so egin zion Mariak: aurreko egunetan baino argiago zituela pentsatu zuen, grisago. Hormak urdina jaten zion.
Neba handik ahalik eta lasterren atera behar zuela otu zitzaion, ospitaleak arima txikitzen ziola.
–Nik ez daukat autobuserako dirurik –moztu zion Lucasek–, etxera heltzean ordainduko dizut.
–Kabiarra jaten eta etxera itzuli nahi? Aprobetxatu medikuek bota arte –ahapeka azken hori.
–Edo bestela nik badut tranbia gidatzen duen lagun bat. Deitu hari –tematu zen.
–Gainera, neuk ere lortu dut hemengo ohe bat, zure ondoan egoteko.
–Klaro, tranbia ezingo du honaino ekarri, ezta?
Gozo begiratu zion nebari. Ospitaleetan azukrezkoak dira begirada guztiak; egiten duen beroagatik edo erizainek egin behar dutena ondo dakitelako. Azukrezkoak izaten dira begirada gehienak ospitaleetan.
Lucasek ez zuen ospitalea merezi. Lucasek umorea behar zuen eta aroztegiko lana, egur usaina. “Haizea dabilenean” baino ez zituen aroztegiko ateak ixten. Eta horixe behar zuen: kaleko giroa eta aroztegiko ate ondotik pasatzen ziren lagunek zerbait esatea eta barre egitea. Eta anaiarekin, Angelekin, diskutitzea eta, astebururako txalupa egin zutenean bezala, elkarrekin haserretzea eta ez niretzat ez zuretzat, eta erdi bana egitea, zerra hartuz eta ris-ras-ris-ras txalupa erditik ebaki eta handik pare bat egunera adiskidetzea, lagunei kontatzea eta barre egitea eta, Angel, noiz hasiko gara txalupa berria egiten. “Haizea dabilenean baino ez dut nik tailerra ixten”.
Benetako harribitxi bat da SPrako tranbia, lehen obra batean harrigarria den maisutasunaz idatzia. Harrigarria da gai nagusia ere, egilea gaztea izaki: agure baten eromen prozesua, izugarria izanda ere espanturik gabe kontatua; eta hunkigarria, dudarik gabe.